Txakolina betidanik Euskal Herriarekin lotu den eta orain arte nagusiki kostaldeari esleitu zaion ardo berezia da. Aspaldiko tradizioa du Gipuzkoan, Bizkaian eta Arabako Aiara Eskualdean.

 

Egun, txakolin-mahastia hiru lurralde historikoetan dago finkatuta, nahiz eta, kopuruari dagokionez, Arabako Errioxako ardoak bezainbesteko garrantzirik ez duen. Zehazki, txakolina ekoizteko mahastiek 700 hektarea hartzen dituzte guztira, eta horietatik 350 inguru Getaria JDri dagozkio (Gipuzkoa osoko mahastiak biltzen dituena, urtean 2.200.000 botila inguruko ekoizpenarekin; 300 bat hektarea Bizkaiari dagozkio (ia probintzia osoan zehar barreiatuta, Bakio eskualdea eta Enkarterriak nabarmentzen badira ere), ia 2.000.000 botilako ekoizpenarekin. Eta azkenik, 77 hektarea Araban daude, 2010ean 330.000 botila inguruko ekoizpenarekin, datozen urteotan handituz joango dena.

 

1989an Getariako Txakolina JD agertu zen, 1994an Bizkaiko Txakolina JD eta, azkenean, 1998an, Arabako Txakolina “Lurraldeko Ardoak” kategorian aurkeztu zen, 2001ean JD eskuratu arte.

 

Juan Uruñuela doktorearen arabera, “txakolin” hitzaren esanahia, egun ezagutzen dugun moduan, “baserriko ardoa” edo “baserrian egiten den ardoa” da, euskarazko “etxakoa” (etxean egindakoa) eta honen “etxakon” hitzera eratorria, “etxeko auzokoa” esan nahi omen duena, hortik “txakon” formara, eta azkenik, “txakolin” hitzera iritsita.

 

Txakolina Araban

 

Aurkituriko idatzizko lehen lekukotzek erakusten dute dagoeneko IX. mendean txakolin ekoizpena Araban jarduera arrunt eta orokortua zela Aiara Haraneko nekazarien artean, bereziki Amurrio, Laudio eta Aiaran. Valpuestako kartularioan, 864 urtean, Ordoño I. errege asturiarraren erregetzapean, Tutera-Reteseko (Artziniega) mahastien erreferentzia bat agertzen da, Donemiliagako kartularioan ere badaude, 964 urtean, Aiara Lurraldean ardoa egiteko mahatsondoak landatzen zirelako idatzizko erreferentziak, eta zehazki, Laudioko Gardea auzoko San Viktor monasterio desagertuari egindako mahasti-dohaintza baten data dago.

 

XIII,. XIV. eta XV. mendeetan, txakolin-mahastien laborantza Aiara Eskualde osoan zehar hedatzen zen oso protekzionistak ziren ordenantza batzuen babespean, horiek eragotzi egiten zuten bertako ardoa edan arte kanpokoa sar zedin. Horrela, Arespalditzako agiritegia n aurki dezakegu txakolin hitza lehen aldiz Euskal Herriko udal agiritegiei dagokienez, 1623ko azaroaren 1ean.

 

XVIII. mendean, William Bowles meatze-ingeniariak “Introducción a la Historia Natural y la Geografía Física de España” liburua (1775) argitaratu zuen, eta bertako bi orritan Aiara Haraneko mahastiei eta txakolinari buruz hitz egiten du. Joaquin Jose de Landazuri Romaratek (1730-1805), 1798an “txakolina deitzen duten oso kalitate oneko ardoa” aipatu zuen, Artziniegaz ari zela. Bitxia da Joan Mañé i Flaquer kazetari, idazle eta bidaiariaren aipamena, 1879an zera argitaratuta, Laudiori buruz Bizkaiko hiribildu gisa ari zelako: “Laudion ekoizten den txakolina (bertako ardoa) Bizkaiko preziatuena da” (sic).

 

Benito Perez Galdosek ere, Episodios Nacionales saileko Vergara eleberrian, Amurrioko txakolina aipatu zuen 1889an.

 

Aiarako txakolin-mahastien egoera garrantzitsu hau erabat aldatu zen XX. mendearen hasieran, mahatsondoa ia erabat desager zedin eragin zuen oso atzerapauso garrantzitsua eman zenean. 1877an 550 Hektarea zeuden, baina elkarren segidako oidio, filoxera (1919) eta mildiu izurriteek kaltetu egin zuten landaketa, eta beste faktore batzuekin batera (industrializazioa, abeltzaintza eta kontsumitzaileen gustuen aldaketa, kasu), Aiarako mahatsondo-laborantza eta txakolin-ekoizpena desagertu egin ziren ia osorik, Arabako Txakolina Elkarteko sortzaileek buruturikoa izan ezik; horien artean aipatzekoak dira Aiarako Kosterako Celedonio Campo, Laudioko Matias Camino, Amurrioko Txomin Solaun, Eugenio Alava, Ramon Martinez..., eta beste asko ere bai, ehun urteko tradizioari eutsi baitzioten, eskuratzen zuten etekin ekonomikoagatik baino euren arbasoengandik jasotako ohiturek irauteko zaletasun eta nahiagatik, eta modu horretan bizirik jarraitu zuen txakolinaren garrak Aiarako Eskualdean; horiek izan ziren, finean, Elkartearen beraren sustatzaileak eta azkenean Arabako Txakolina Jatorri-Deitura bilakatuko zenaren bultzatzaileak.

 

XX. mendearen lehen laurdenean mahatsondo-landaketaren hedapena 93 hektareara murriztuta zegoen, eta Elkartea sortu zen unean, 1988an, ez zen 5 hektareara iristen. Gainera, landaketa oso barreiatuta zegoen eta mahats-barietateak ez ziren kasu guztietan txakolina egiteko egokienak. Bestalde, ez zegoen irizpide bateraturik egiteko prozesuari zegokionez, ekoizle bakoitzak bere bitarteko eta metodo bereziak zituelako, eta ondorioa emaitzaren heterogeneotasuna zen, ikuspuntu teknikotik justifikaziorik ez zuena.

 

(Datu historikoak Arabako Txakolina liburutik alderatuak eta bilduak izan dira, liburuaren egileak hauek dira: Juanjo Hidalgo eta Jose Miguel Llano 2007, eta Salvador Velilla Cordoba jaunaren laguntza ordainezinarekin. Amurrio 2003)

 

Bookmark and Share